2013/07/06

7 KATU GAZTETXEAREN ALDEKO BABES SAREA MARTXAN DA!

7 urte badira Solokoetxeko eskaileretan kokaturiko eraikin huts bat okupatu eta autogetioaz busti genuenetik. Gazteontzat bideraturiko gune propiorik eza eta Alde Zaharreko auzoa eraldatzeko gogoek piztu zuten proiektu hau. Lehen lau urteetan lau aldiz desalojatu gaiutzte, baina gure bideari eutsi diogu.  Denbora honetan, ehunka gazte antolatu dira bertan alternatibak eraikiz era kritiko eta inkonformistan.  Orotara, 800 bat ekintza kultural egin dira Alde Zaharra kolorez jantziz eta bestelako bizi eredu bat eraikiz.

Azken bi urteetan gaztetxearen aurkako erasoak eten dituen mediazio prozesu batean murgildurik egon gara. Mahai berean, jabeak eta 7katuko ordezkariak bildu izan dira hainbat aldiz. Hala ere, duela hilabete batzuk jakin izan dugu Udalaren eskutuko presioek eraginda, jabeek ezezkoa eman diotela edozein akordio posibleri, negoziazioari ateak itxiz.

Egoera honen aurrean, 7katu gaztetxearen proiektua bultzatuko duen BABES SAREA osatzeari ekin genion. Batetik, huste arriskuaren ohartaraztea zabaltzeko Bilbo zein Euskal Herri mailan. Eta bestetik, aurrera eramango dugun dinamikaren inguruko partaidetza sustatzeko, atxikimendua emanez edo defentsa aktiboan inplikatuz.

Ostegunean jaioberri zen sare honetan lan egiteko gonbitea luzatzen diogu 7katu gaztetxearen ametsa errealitate bilakatu duen orori: auzokide-herritarrei, denadari-tabernariei, gizarte eragileei, musika edo kultur taldeei,... bakoitzak nahi edo ahal duena aportatuz, puntualki zein egunerokotasunean, urrunetik edo hurbiltasunean. Jakin badakigu zuek ere 7 katu zaretela, denok baitgara, NI KATU, GU KATU!

Azkenik, aste honetan hasi eta etengabe garatuko den erresistentzia kulturalean murgiltzeko aukera zabalik egongo da, 7katugaztetxea.com webgunean izango direlarik eguneroko agendaren zehaztasunak, bai eta babes kanpaina berri honen inguruko bitartekoak, azken berriak, babes sinadurak, etab.

7katu gaztetxearen aldeko BABES SAREA