2012/06/19

ATXILOTUAK ASKATU!!


Ertzaintzak lau gazte atxilotu ditu gaur goizean martxoaren 29ko greba orokorrean Buenos Aires kalean izandako istiluetan ertzain biri eraso egitea leporatuta. Atxilotuak Aitor Fernandez indautxuarra, Irantzu Yaldebere eta Jon Telletxea deustuarrak eta Urtzi Martinez arangoitiarra dira.
Azken greba orokorrean istiluak izan ziren Ertzaintzaren eta Buenos Aires kalean gora eguerdiko manifestazioarekin bat egitera zihoazen hainbat lagunen artean. Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren hormetan grebaren aldeko pintadak egiten ari ziren hainbat gazte atxilotzera irten ziren epaitegi barruan zeuden agenteak eta ezezagunek harriak jaurti zizkieten, Herrizaingo Sailak jakitera eman zuenez. Osasun zerbitzuek buruan zauriak zituzten bi ertzain artatu zituzten.
Martxoaren 29an milaka lagun irten ziren kalera baina agintariek deialdiaren arrakasta desitxuratzensaiatu ziren hasieratik, mobilizatutako lagunen kopurua gutxituz eta grebaren jarraipenaren datuak arinduz. Ildo horretan, Bilbokoa ez zen greba egunean Euskal Herrian izandako gorabehera bakarra. Aipagarria da sindikatu eta alderdi ezberdinen aldetik Rodolfo Ares sailburuari Ertzaintzaren jokaeraren harira egindako kritikak. Bilbon hainbat karga egin zituen Ertzaintzak baina agian nabarmenena Xuban Nafarrateren kasua izan zen, Gasteizen. Ertzaintza bortizki oldartu zen El Corte Inglesen inguruetan zegoen grebalari talde baten aurka. Distantzia gutxitik buruan jotako pilotakada batek zauri larriak eragin zizkion Nafarrateri eta sei egun igaro behar izan zituen Santiago Ospitalean.
Iruñean, berriz, Espainiako Poliziak eta Udaltzainek 14 gazte atxilotu zituzten, horietako 7 adin txikikoak, apirilean greba egunean izandako istiluetan parte hartzea leporatuta.
Fernandez, Yaldebere eta Martinezen atxiloketak 10:00ak aldera gertatu dira, atxilotuen lagunek azaldu dutenez. Jon Telletxea, berriz, 11:00ak pasatxo eraman dute. Irantzu Yaldebere adin txikikoa da eta aske utzi dute 14:00ak aldera epailearen aurretik pasa barik. Ostegunean epaiketa azkarra egingo diote.
20:00etan MANIFESTAZIOA DEUSTUN!!