2012/06/23

Alde Zaharreko Gazte Topaketak!


Alferrak, pasotak, bordeak, indibidualistak, matxistak, drogosoak… Halakoak al gara? Guk geuk ba al dakigu nolakoak garen? Zer nahi dugun?

Hainbat dira eguneroko bizitzan gazteoi sortzen zaizkigun kezka eta kontraesanak. Norbanakoaren jarreratik hasita, elkarren artean mantentzen ditugun harremanak eta gizartearen ikuspuntu ezberdinak ezarritako molde eta presioen barruan gaude, “helduen” gizarteak ezarritako molde eta presioak hain zuzen. Bada garaia gazteon kontuetaz gazteok hausnartu dezagun.

Azpimarragarria da egungo Alde zaharreko errealitatea. Bilboko erakuslehio turistikoa eraiki nahiean udaletxeak auzotarron eta are gehiago gazteon iritzia errespetatzen ez duen auzo eredu bati erantzun dio. Bilboko gune komertzial garrantzitsuenetakoa izanik gazteoi eragiten diguten aspektu ugari ditugu muturren aurrean. Kontsumismoa, patriarkatua, lan prekarietatea, kontrol soziala, adierazpen askatasun eza...
Guzti hau salatu eta honi buelta ematen saiatzeko gazteria kritiko eta kontzientziatu baten beharra dago, 7Katu gaztetxea horretarako tresna ezin hobea dugularik.

7 Katu gaztetxeko eguneroko lana, Alde zaharreko gazte eragile berriak, Gazte eguna... Alde zaharreko gazteok ez dugu denborarik galdu azken urteotan, eta gero eta gehiago batuz joan gara, ekintza ezberdinen bitartez eta elkarkanean bizitako proiektuei arnasa emateko. Baina orain beste pausu bat ematera goaz.

Gazteak nolakoak garen eta guk nahi dugun gizartea irudikatzeko kapaz garela erakutsiko dugu. Horretarako aukera garrantzitsua dira Ekainaren 28, 29 eta 30ean egingo ditugun Alde Zaharreko Gazte topaketak.

Gure artean antolatu eta kezkak trukatzeko, kontraesanak aurkitu eta eztabaidatzeko, ikuspuntu kritiko bat eraikiz eta disfrutatuz elkar hobeto ezagutzeko... Gazte izateaz harro sentitzeko!

Animatu eta parte hartu Alde Zaharreko Gazte Topaketetan!

EKAINAREN 28, 29, ETA 30an
SENTITU, PENTSATU, OKUPATU... IRAULI!


Ekarri lozakua eta esterilla!